RCD Mallorca - Athletic Club
Final laurdenak
Kopa

RCD Mallorca - Athletic Club

RCD Mallorca
RCD Mallorca
01
Athletic Club
Athletic Club
  • Ramis (b.a) 75'

KokapenaIberostar Estadio , Palma de M.

Kopako finalerdietan gaude!

RCD Mallorcak 0 Athletic Clubek 1Athletic Clubek 0-1 irabazi dio Mallorca taldeari. Ramisek, bere atean,…

Athletic Club

RCD Mallorcak 0 Athletic Clubek 1


Athletic Clubek 0-1 irabazi dio Mallorca taldeari. Ramisek, bere atean, gola sartu du eta kanporaketako partida bien ostean zurigorriek finalerdietarako sailkatu dira, mende honetako laugarren aldiz. Oraingoan Mirandes aurkaria izango da, lehen Burgosen eta gero San Mamesen, aurrekoetan Real Madril, Betis eta Sevilla izan ziren legez.

Helburua bete da eta Athletic Clubek sailkapena lortu du. Gaurkoa ez da partida ikusgarria izan. Lehen zatian zurigorriek lehia aise menperatu dute eta bigarrenean zailtasun batzuk pairatu behar izan dituzte, batez ere zelaian lekurik gabe egon direlako, Ramisek bere atean 76garren minutuan gola egin duen arte.
Hasieratik Mallorcak ezin zuen gure baloiaren irteera ongi presionatu eta, beraz, asko kostatzen zitzaion erasoko jokaldirik lantzea. Tissonek 20garren minutuan arean egon den nahasmen batean aldaratzea hartu du eskuinez kanpora jaurtitzeko eta Hemedek ezkerrez lekutara hamar minutu beranduago. Horixe izan da etxeko taldeak egin duen mina.

Zati horretan baloi jabetza eta partidaren kontrol ia osoa Athletic Clubenak izan dira, baina sakontasunik gabe. Ez zen beharrezkoa eta Mallorcak ez zuen kanporaketa goizegi erabat galdu, baina Realaren aurkako norgehiagokan gertatu zena ez baita beti gertatzen. Halaz ere, lehen abaguneak zurigorriak izan dira eta baita argienak ere. Zerrenda ez da oso luzea, baina tira.

Hasteko Muniainek aukera aparta izan du Chicok baloia jan duenean 21garren minutuen, baina Calatayudek baloia desbideratzea lortu du. Hogeita hamaikagarrenean De Marcosek sudurrarekin errematatu egin du Susaetaren erdiraketa ona eta, espero zen bezala, aterantz ez da joan. Muniain aldakan min hartu du eta Toquerori txanda eman behar izan dio. Sartu berria eskuinera pasa da eta Susaeta ezkerraldera. Athleticek, dena den, ez du atsedenaldira arte denborarik galdu eta Herrerak 39garrenean (Calatayudek jaurtiketa desbideratu du) eta Llorentek buruz (Amorebietak lehenago ere antzeko aukera izan du) minutu bat beranduago, aukera izan dute.

Bigarren zatian benetako estutasunak ez dira larregi izan, baina Athleticek txartoago pasatu du. Mallorcak, aldaketarik gabe, aurrera jo du, arrisku gehiago hartuz. Bere abagunerik garbiena Pereirak izan du 47. minutuan, baina Iraizozek ondo geratu du bere areaz kanpoko ezkerkada. Horixe izan da unerik larriena, baina gorritxoak lehen zatian baino denbora gehiago pasatu dute Iraizozen arean, gehienetan ea aldaratzeren bat etortzen zitzaien.

Caparrosek ordubete baino lehenago Victor Sartu du Alvaro harrobiko jokalariaren ordez. Gurean Bielsak Iñigo Perez zelairatu du 62garrenean txartel horia ikusi berri zuen Herreraren tokian. Mallorca nagusi zen eta Athletici ohi baino gehiago kostatzen zitzaion lekua hartzea.

Kontrako arean Llorentek behartuta buruz errematatu du Calatayuden eskuetara. Caparrosek Chory Castro sartu du Cendrosen ordez, hiruko lerroa atzean utziz, Pereira eta sartu berria askotan hegalez aldatuz. Athleticen erantzuna Aurtenetxe zentral moduan ipintzea izan da, eta De Marcos eta Iraola kanpotik. Victorrek desbideraturik jaurti du ordu laurden bat amaitzeko falta zela eta denbora aurrera joan ahala pronostikoa argia bazen, minutu bat beranduago amaitu da dena.

Ramisek Calatayudi baloia atzeratu dio eta soropilak satorrarena egin du. Baloiak bote txar bat eman du eta Calatayuden oinaren gainetik pasa da zero eta batekoa ezartzeko. Etxeko zaleak hamarretan telebistan eskaintzen zuten partida ikustera abiatzen ziren bitartean Hemedek ezkerrez gora jaurti du 77garrenean eta Alfarok buruz kanpora 81. minutuan. San Jose Llorenteren ordez kantxaratu da eta Chicok amaitu baino lehen txartel gorria ikusi du kontatzeko gutxi, baina ospatzeko asko, izan duen partida ixteko.

Athletic finalerdietan dago, baina Mirandara joan baino lehen, Liga dugu zain Vallecasen larunbatean. Bitartean, Kopako ametsak zutik dirau.