Athletic Club - CD Mirandés
Finalerdia
Kopa

Athletic Club - CD Mirandés

Athletic Club
Athletic Club
62
CD Mirandés
CD Mirandés
  • 10' Muniain
  • 14' Susaeta
  • 22' Aurtenetxe
  • 71'75' Llorente
  • 88' César (b.a)
  • Aitor 57'86'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

FINALERA!

Athletic Club 6-CD Mirandés 2. Arerioa FC Bartzelona izango da Athletic Clubek bere 37. Kopako…

Athletic Club

Athletic Club 6-CD Mirandés 2. Arerioa FC Bartzelona izango da

Athletic Clubek bere 37. Kopako finala jokatuko du CD Mirandes mendean hartu eta gero (6-2, Muniain, Susaeta, Aurtenetxe, Llorente 2, Cesar bere atean eta Aitor Blanco 2), 1904an ez baitzen azken partidarik jokatu. Beste gau magikoan, San Mameseko arnasa osagarririk egokiena izan da taldearen jokoarentzat. Orain aukera berri bat daukagu hogeita bosgarren titulua eskuratzeko, azken finaletik hiru urte pasa eta gero, 2008/09 denboraldian Valentzian jokatu zena hain justu ere. Ilusio zurigorria kale kantoietatik hedatu da eta Euskal Herritik kanpoko leku askotan ere. Arerioa otsailaren 8an, asteazkenean, FC Bartzelonak eta Valentzia CF-k jokatzen duten finalerditik irtengo da eta data zein jokalekua ez dira oraindik zehaztu.

Gure taldeak joaneko partidan biribildu ezin izan zuena gaur itxi du argi eta garbi utziz zein merezi duen finala jokatzea Mirandesen lan eskerga bezain txalogarria eta nahita nahiez egin dioten propagandaren gainetik. Partidak finalerdietako batek behar eta merezi dituen ezaugarri guztiak izan ditu, alde bietako zale sutsuak, izugarrizko giroa harmailetan hotza alboratuz, golak eta ospakizun lasaia eta mundu guztiarentzat, baita ere Marcelo Bielsak prentsaurrekoan esan duen moduan finala ez delako helburua, Kopa irabaztea baizik, hauxe da, bat egin duela Koparen bila jada hedaturik dagoen leloarekin.

Partida bat hasten den bakoitzean zalantza da nagusi. Athletic Clubek abantailarekin zetorren Mirandatik, baina badaezpada 22garren minuturako kanporaketa zeharo erabakita utzi du. Pouso entrenatzaile bizkaitarra baina kasu honetan bisitariak ongi azaldu duenez, Athleticek jo luzea erakutsi du. Duela hiru urte Sevillari gertatu zitzaion bezala, Mirandesek irten eta berehala zalegoaren ufadak sentitu ditu eta gero golak jaso. Hau da, konturatu orduko dena ia ezinezkoa zen. Hamargarren minutuan berarentzat, teoriaz, zuzenduta ez zen erdiraketa Muniainek hartu du eta lasaitasunez Nauzet gainditu du. Ia kolpetik altxatu barik, bigarrena heldu da hamalaugarrenean.

Kasu honetan epaileari eskatu beharko zaio Susaetari apuntatu beharrean talde osoari leporatu diezaiola, ikusi den jokaldia izugarria izan baita, Llorentek, De Marcosek, Iraolak orpoz eta Susaetak ezkerrez! baloia sareetara bidaltzen azken pausoak burutu dituzte, baina guztiak euren leku “naturaletatik” at eta guztiak erabat sartuak.

Eta aurrekoa gutxi balitz, 22garrenean Aurtenetxek buruz Susaetaren erdiraketa gola bihurtu du. Gainera ordu erdirako Muniainek aukera paregabea izan du baina ez dio baloia Llorenteri pasa. Bestalde Iraizozek harrapatu duen Infanteren jaurtiketa bortitza izan da bisitarien lehen aukera 33garrenean. Amorebietak laugarrena izan du buruan 37garrenean eta Llorentek eskuinez 41garrenean baina kanpora bota du. Dena den, azken txanpa honetan Pousorenak askatuago jokatu dute.

Bigarren zatia hasteko Munetak Alain ordezkatu du, eta berehala Borrel Iribasen ordez zelairatu da. Llorenterentzat izan da lehen abagunea, baina hainbestetan gertatzen den legez bigarren zatiaren hasiera eta gola jasotzea sinonimoak izan dira. Martinezek baloi arriskutsua lapurtu dio Infanteri, korner atera da eta jaurtiketa bat Iraizozen atearen zutoinera joan da, eta bigarren ukituan Aitor Blancok hiru eta batekoa ezarri du 56garrenean.

San Josek Iturraspe ordezkatu du, Javi Martinez zelai erdira mugituz, minutuak aurrera joan ahala hiruko defentsarekin ere kokatu badira gure jokalariak. Athletic saiatu da partidaren kontrola bereganatzen, baina Llorenteri eginiko azken bi paseak antzuak izan dira eta Mirandesek kanporaketan sartzeko, matematikoki behintzat, abagunea izan du 67. minutuan Munetak baloia ezkerrez gehiegi gurutzatu duenean. Garrok Martins ordezkatu du eta lehia amaitu da 71garrenean zelai erdian lapurtutako baloia sakonean Llorenterengana heldu denean eta horrek, maisuki, Nauzeten gainetik bidali du.

Perez sartu da Herreraren ordez eta Llorentek golarekiko maitasun-harremana berriz sentitu du De Marcosen erdiraketa on bat eskuinez errematatuz. Susaetak baloia goitik ere sartzen saiatu da 77garrenean, baina oraingo honetan Nauzetek kornerrera bidaltzea lortu du. Honez gero Lopez berdegunean zegoen jada Muniainen ordez.

Mirandesek ez du etsi. Egia esan, bere jokatzeko era ez du gehiegi aldatu eta aurrera begiratzen segitu du, Munetak ezkerrez kanpora jaurti du eta saria eskuratu dute Munetak berak falta jaurtiketa egin duenean, Iraizozen aldaratzea Garrok buruz jo du eta Aitor Blancok gaueko bere bigarrena gauzatu du 86garrenean, baina partida jada hain zabala zenez, Cesarrek bere atera bidali du De Marcosen erdiraketa seigarrena egiteko eta Lanbarrik baloia zutoinera jaurti du Undiano Mallencok amaiera seinalatu baino zertxobait lehenago. San Mames pozez txoratu da eta bere taldeari egindakoa eta finalera joateko aukera ematea eskertu dizkio, lasaitasunez eta maitasunez, Mirandesi ere txalo zaparrada eskaintzen zion bitartean.

Athletic Clubek finala jokatuko du eta, beraz, azken pausoa falta da, hau da, finala irabaztea, baina bitartean, ezustekorik gertatu ezean, Athletic Clubek jada ia ziurtaturik dauka otsailaren hasieran, datorren denboraldian Europan ere egongo dela, baina ez dezagun lorik hartu, Liga eta UEFA Europa League zain daukagu eta.