CA Osasuna - Athletic Club
Jardunaldia 2
Liga

CA Osasuna - Athletic Club

CA Osasuna
CA Osasuna
02
Athletic Club
Athletic Club
  • Williams 11'
  • Guruzeta 20'

KokapenaEl Sadar , Iruñea

20.704 pertsona

Athleticek kolpea eman du Sadarren

Nicok Iñakiri eta Guruzetari emandako bi gol-paseei esker, beharrezkoa zen lehen garaipena lortu dute lehoiek

Athletic Clubek kolpea eman du Sadarren 0-2 sendotasunez irabazi ostean. Erasokoetan ondo asmatu egin du eta gero atea hutsean uzteko gogor aritu da atzeko aldean, batez ere Sanceten kanporaketaren ondorioz hamar jokalarirekin geratu denean. Iñaki Williamsek eta Guruzetak Nicoren luxuzko bi gol-pase sareetara bidali dituzte. Iruñean bildutako zale zuri-gorriek gozatu egin dute eta pozez gainezka eman diote hasiera Aste Nagusiari.

Partida hasieran, Athleticek sufritu egin du Mojicaren barneraldiekin, baina geroago lehoiek kolpea eman dute Williams anaien arteko jokaldi batean. Iñakik bizkarra eman dio atzelari kolonbiarrari Nicoren erdiraketa bikaina boleaz sarera gurutzatzeko. Gol hau primeran jaso du Valverderen taldeak.

Sancetek goletik gertu saio bat edo beste egin ondoren, Nicok bere makiltxo magikoa atera du berriro 0-2koan beste gol-pase bat emateko. Bi erregate itzel asmatu ditu area barruan Guruzetari baloia lagatzeko, eta azken honek orkatilaren mugimendu batez zuri-gorrien bigarrena sartu du.

Osasunak bi gol aukera garbi izan ditu aldea murrizteko. Lehenengoan, Simonek Ruben Garciarekin buruz burukoan irabazi du, eta bigarrenean, De Marcosen ordez Lekue zelairatuta (kapitainaren lesio batengatik), baloi erraza zirudiena gora bota du Mojicak. Athletic baloiarekin eroso sentitu da, baina erritmoa galduz joan da. Oraindik denbora asko zegoen aurretik Sadarren partida amaitzeko.

Zailago jarri da neurketa Sanceti bigarren txartel horia atera diotenean, gehiegizkoa zirudien. 58. minutuan gertatu da, eta orduan Simonek taldearen lidertza bere gain hartu du bi geldiketa handi eginez. Hala ere, Berenguerrek 0-3koa izan du bere botetan Iñakiren jokaldi ikaragarri baten ondoren. Azkenean, Chimyk txartel gorria ikusi du Berenguerri egindako sarrera gogor baten ondorioz. Garaipen oso garrantzitsua eta orain Betisi irabaztea da jomuga.