Sevilla FC - Athletic Club
Jardunaldia 13
Liga

Sevilla FC - Athletic Club

Sevilla FC
Sevilla FC
12
Athletic Club
Athletic Club
  • 14' Navas
  • Iraola 5'
  • De Marcos 71'

KokapenaRamón Sánchez-Pizjuán , Sevilla

Garaipen bikaina hemezortzi urte eta gero

Sevillak 1 Athletic Clubek 2Athletic Clubek 1-2 irabazi dio Sevilla FC taldeari. Iraola eta De…

Athletic Club

Sevillak 1 Athletic Clubek 2


Athletic Clubek 1-2 irabazi dio Sevilla FC taldeari. Iraola eta De Marcos golegileak izan dira. Navasek sartu du andaluziarren gola. Hemezortzi urte pasa eta gero, nahiz eta etxekoak tartean Bigarren Mailan egon diren arren, Sanchez Pizjuanen berriro garaipena erdietsi da, nagusitasun osoz gainera, baina merezi baino alde gutxiagorekin. Gainera hamaikagarren partida jarraian galdu gabe bete du Athletic Clubek. Marka ederra, batez ere bolada ona sailkapenean azpimarratzen duelako, orain badirudi baietz, taldea hamazazpi punturekin gora begira jartzeko.

Eta lehia berehala ipini da alde, zazpigarren minutuan Iraolak aldaratze bat area parean hartu duenean eta eskuinez  arrasean sareetara bidali du. Golak lasaitasuna eskaini du eta emaitza husnakoa bailitzan goian presionatzeari eta buruz jokatzeri eutsi dio taldeak. Halaz ere, zoriontasuna ez da erabatekoa izan, Navasek berdinketa lortu baitu ordu laurdenerako. Jokaldi isolatu bat izan da, gaurko berdeek ez baitute baloia behar bezala aldendu eta goitik zetorren baloia behar zen jarraipena eman dio Kanoutek Navasek eskuinez Iraizoz gaindi zezan.

Bazirudien aspaldiko partez zelai honetan aski ezaguna den historia errepikatuko zela, hau da, ondo hastea eta partida aurrera joaten den heinean burua, norgehiagoka eta, jakina, puntu guztiak galtzea. Zorionez gaurkoan ez da horrela gertatu, Athletic Clubek dakiena egiten segitu duelako, aurrean zeukan arerioari kasu egin barik.

Lehoiak berehala berpiztu dira. San Josek buruz langa gainetik izan du hurrengo abagunea, Llorenteren barneraldia ez du Muniainek errematatu eta hasierako hamaikakora itzuli den Iñigo Perezen falta jaurtiketa Varasek urrundu du.  
Dena den, lehen zatiaren azken txanpan indarrak apur bat orekatu dira. Sevillak Negredoren bitartez izan ditu bere abagune apurrak. Lehendabizikoan buruz ez du behar bezala baloiarekin konektatu eta bigarrenean eskuinez Iraizozen geldiketa ona behartu du. Gurean, aukera bi horien artean, Herrerak arrasean eskuinez gutxigatik kanpora bidali du eta Llorente nabarmen bultzatu egin dute korner baten jaurtiketan atsedenaldia bertan zela.

Athleticek Barça ahalguztidunaren aurka partida ona egina zeukan eta Sevillak jakin bazekien zeintzuk dira gure armak, jada ez gara Llorenterenagan soilik jokatzen dugunak, eta horretarako prestatu da, alferrik izan bada ere. Lerro arteko bideak ixten saiatu da eta atsedenaldian emaitzak banakoa adierazten zuen arren, zurigorriak nagusi izan dira.
Halaz ere, betiko moduan, galdera asko bigarren zatiari begira, eta aldaketarik ez. Are gehiago, Sevilla gorago presionatzen saiatu da, lehen zatian Athletic Clubek baloia primeran atera baitu atzetik. Bost minutuko kontua izan da. Perottik faltaz erdiraketa zitala egin du atezainaren eskuetara eta Perottik urrutitik egin duen jaurtiketa,  Iraizozek harrapatu duena, izan dira “arriskualdiak”, hori eta 68. minutuan Negredoren ordez zelairatu den Manuk oso urrutitik ere atezainaren eskuetara bidali duena.

Beste guztia bakarrizketa izan da, zelai zail batean txaloak ere erdietsi duena, baina gola egitea kostatu da. Susaeta bakar bakarrik geratu da Varasen aurrean 56. minutuan, eta jaurti beharrean baloia Llorenteri lagatzea erabaki du. Alferrik, aurrelariak ez zuen espero. Llorentek buruz kanpora errematatu du 61garrenean eta bost minutu beranduago aukera aparta izan du Herreraren bularreko lagapena jaso eta gero. Ez du zetorkion moduan errematatu eta atzera utzi dio Herrerari, baina Spahicek atepean baloia urrundu du. Aldaratzea Llorentek berak kanpora bidali du.

Hortik gutxira Gabilondo Susaetaren ordez zelairatu da. Athleticek gero eta erosoago jokatzen zuen, baina erosotasunak berak bilatu du, mugimendu azkarrak eta bertikalak eginez eta etengabeko laguntzak eskainiz. Aitzitik, gola ez zen heltzen, baina saria 71. minutuan iritsi da. Merezita gainera. Beste baloi bat lapurtu da etxekoen zelai erdian, Muniainek lerroarteko pasea sartu dio De Marcosi, horrek oin puntarekin ukitu du, Varasek ukitu du ere, baina baloia solte geratu da, lasaitasun osoz De Marcosek gola egin zezan. Bat eta bi eta gol biak hiruko lerroa aprobetxaturik askatasun gehiagoz jokatu duten hegalekoek egin dituzte.

Aurrean Armenteros sartu da Perottiren ordez, lehendik Rakitic ere bazegoen Trochowskiren tokian, baina Marcelinori ez zaio ezertarako balio, bisitarien bakarrizketa handituz joaten zen eta. Gabilondok hirugarrena egiteko baloia izan du, baina atzelaria bizkor ibili da.

Minutuak pasatzen ari ziren eta baloia zurigorrien hanketan zegoen (%65eko baloi jabetza), etxekoen desesperaziorako. Gainera Caceres lesionatu da eta azken hamar minutuetan bat gutxiagorekin ibili dira. Ia ia esan daiteke Athletic ez dela konturatu, berdin segitu baitu jokatzen eta hirugarrena gertu egon da. Muniainek ezin izan du Varas gainditu… eta edozein jokaldian berdinketaren arriskua bazegoen arren, Athleticek primeran amaitu du partida bere neurria aztertzeko baliogarria den arerioren aurka, aurrekoetan Vila-real, Atletico Madrid, Valentzia edota FC Bartzelona izan ziren arren.

Oraingo honetan gainera, ez dago lesio larririk, ezta txartelik ere eta argi eta garbi geratu dena hauxe da: taldea ibili badabil edozein jokalaria bertan sartuta, horregatik hamaika ikusteko jaioak gara, dozena bat ere ea hamahirugarrena Granadaren aurka heltzen garen.