CA Osasuna - Athletic Club
Jardunaldia 27
Liga

CA Osasuna - Athletic Club

CA Osasuna
CA Osasuna
21
Athletic Club
Athletic Club
  • 9' Iturraspe (b.a)
  • 31' Raúl García
  • Llorente 55'

KokapenaReyno de Navarra , Iruñea

Hasiera zaila eta erreakzio antzua

Club Atletico Osasunak 2-Athletic Clubek 1 Athletic Clubek 2-1 galdu Osasunaren aurka. Iturraspek gure atean…

Athletic Club

Club Atletico Osasunak 2-Athletic Clubek 1

Athletic Clubek 2-1 galdu Osasunaren aurka. Iturraspek gure atean eta Raul Garciak egin dituzte etxekoen golak lehen zatian eta Llorentek gurea bigarrenean. Hasieratik gauzak ez dira irten eta partida aldapaz gora ipini da estiloa ezartzen zaila den zelaian. Osasunak hobeto kudeatu du lehia, baina hala eta guztiz ere, aukerak egon dira norgehiagoka berdintzeko eta taldeak azken segundora arte lehiakorra izan da. Okerrena Amorebietak eta Toquerok euren bosgarren txartel horia ikusi dutela eta ez direla egongo Valentziaren aurka. Aitzitik, Liga alboratuta, UEL-ko final laurdenetarako bigarren pausoa falta zaigu eta saiatuko gara ematen, guztion artean, ostegun honetan San Mamesen.

Gaurkoari begira, hasi eta berehala De Marcosek altuegi jaurti duen arren, partida zaila izango zela ikusi da eta, gertatuko zen moduan, Osasunak petrolioa atera nahiko zuela falta eta korner bakoitzean, zilegi jakina, eta gainera epailearen irizpideak aldakorrak izango zirela erabakiak hartzean eta txartelak erakustean. Gauzak lehenbailehen okertzeko falta batean Iturraspek, buruz, gure atean sartu du baloia bederatzigarren minutuan.

Hau da, Osasunak eskenatokirik idealena zeukan begi bistan. Espazioak min egiteko. Lamah saiatu da lehendabizikoa aprobetxatzen 11garrenean, baina Iraizozek baloia ondo harrapatu du. Raul Garciak, lurrean ez zegoenean, partidan zehar baloi luze eta solte asko aprobetxatu ditu, eta etxekoen jokalaririk erasokorrena izango zela frogatzeko edo, hamabigarrenean kanpora jaurti du.

Athleticek bertikaltasuna nahiago zuen eta hasieran erasoko joko guztia eskuinaldetik zeraman. Jokaldi ikusgarri eta azkar batean De Marcos geratu da bakarrik Andresen aurrean eta bere eskuinkada zutoinera joan da. Esan bezala, ez da partida ondo hasi eta ez da zorterik izan partidari berriz berdintasunetik ekiteko.

Lamah izan da bigarrena txartelen banaketan, bigarren minututik Toquerok berea baitzeukan. Partida irekia zen eta 18garrenean Perezen jaurtiketa bat atzelari batek kornerrera bidali du eta Munianek Damiaren falta eskatu ondoren, -area barruan zirudien, baina ez zirudien penaltia- , Toquerok arrasean kanpora jaurti du.

Erritmoa jaitsi da apur bat, baina Osasunak etekina atera dio Amorebietari seinalatu dioten falta zorrotz bati eta Puñalen erdiraketa Raul Garciak, buruz, sareetara bidali du. Athleticek azkar erreakzionatu du eta Susaetak ezkerkada bidali du kanpora 32 minutuan eta Iñigo Perezek berebiziko aukera izan du 36garrenean, baina Andresen aurrean zela, lekutara jaurti du. Ziztu bizian Ninok kontraerason lana eman dio Gorkari eta Nekounamek ezkerrez gutxigatik kanpora jaurti du.

Iturraspek beste txartel hori bat ikusi du,San Josek bezala, eta lehen zatian eta bi eta zerokoarekin baloiak nonahi agertzen ziren. Atsedenaldira joateko, Puñalen bolea kornerrean amaitu da. Atsedenaldian Llorente eta Herrera zelairatu dira Aurtenetxe eta Iturrasperen ordez. Toquero zelai erdira jaitsi da, eta De Marcos ezker hegalera eta Perez Iturrasperen tokira.

Hasierako minutuek ez dute itxaropenerako leihoa ireki, Lamahek eta Raul Garciak aukera pare bat izan baitute eta bietan Iraizozek baloia urruntzea lortu du. Guretzat, aldiz, nahikoa izan da jokaldi landu bat egitea eta Herreraren pasea jaso ostean Llorentek primeran eskoadratik sartu du baloia. Puntuak urratzea posiblea zen oraindik, denbora pasatzera etorri garela uste zutenentzat mezu argia 55. minutuan. Hori epaileak Llorenteren falta seinalatu ondoren Sergioren ostikada jaso eta berehala.
Amorebieta eta Flañorentzat izan dira hurrengo txartel biak eta 61garrenean Ibaik Toquero ordezkatu du. Ibai ezker aldean kokatu da eta Muniain barrurago. Gero Perez ipini da ezker hegalekoan eta De Marcos gorago, beti berdinketa lortzeko asmoarekin.

Sergiok ia bere atean sartu du 65garrenean. Athleticek gehiago bultzatzen zuen. Manu Ninoren ordez sartu da. Raul Garciak eskuarekin moztu du bolea bat bere arean eta Cejudok ezkerrez langa gainetik jaurti du. Lamahek bere jaurtiketa sareetara kanpotik bidali du, Ibaik (hamar Ligako partida Athleticarekin bete du eta kontratu berria 2014ko ekainaren 30era arte dauka) eta Herrerak txartel horiak ikusi dituzte.

Gero eta arrisku gehiago hartzen zuen gure taldeak. Ibaik eskuinez kanpora jaurti du Manuk askozaz ajustatuago gero, angelu ondotik. De Marcosek horia ere eraman du etxera. Mendilibarrek Raoul Loe Cejudoren ordez sartu du eta Andresek Ibaien jaurtiketa harrapatu du, kostata bada ere. Joan etorriz beteriko minutuak ziren, emozioa eta urduritasuna aldi berean.
Lamahek Annunziatari tokia utzi do eta lau minutuko luzapenean emozioak biderkatu dira, ia ia aukerak bezala.

Lehen Muniainek Iraolaren pasea jasoz eskuinez errematatu du eta Andresek zutoinean geldiketa bikaina egin dio. Bueltan Manu geratu da bakar bakarrik Iraizozen aurrean eta atezainak jaurtiketa igarri dio eta, nahikoa ez bazen, amaitzeko, 94garrenean, Iraolak Flañoren lagapena ikusi du, baina bere kontrolak Andres gainditu duen arren, atzelari batek kornerrera bidali du atepean eta hor amaitu dira puntuatzeko ilusioak.

Ahaleginak egin dira, baina dirudienez azken minutuetako patua ez dator bat taldeak egiten duen lanarekin. Hurrengoan izan beharko.

Amaitzeko eta emaitzatik at, jakina, ez baitauka zerikusirik, iritzien txanda. Iritziak iritzi, eta ziurrenik inbidiak jota, bestela ez dauka bestelako azalpenik ea partida osoan aurkariaren aurkako irainak eta oihuak etengabe botatzea, mitoen kapitulurako tarte txiki bat. Ia ahazturik geneukan “Ez direla Lezamakoak Taxoarekoak baizik” zelaian Taxoaretik inor ez zegoela (bakarrak Javi Martinez eta David Lopez, aulkian) eta zelairatu direnen hamalauen artean hamaika Lezaman eginak. Aurrean hiru nafar. Beste bizilagun batzuekin gertatzen zaigunez, bejondiela euren kirol filosofiarekin, eskubide osoa baitute gura dutena egiteko, baina ez dezatela Athletic hartu euren gabezi guztien errudun.

Gaurkoan, esaterako partidaren azken aurreko jokaldian Iraolari aurpegian jo diote. Zauri txiki bat baino ez da izan, baina egunen batean, ohikoa den legez, zer edo zer larriago gertatuko da.

Reyno de Navarran gertatu dena jada ahaztuta, taldeak zazpigarren amaitu du jardunaldia, partida oso zaila daukagu ostegunean UEL-n Manchester Uniteden aurka eta hori bai bestelako historia izango da, bi talde joko antzekoa egiteko prest, harmailak leporaino eta giro paregabea ziurtaturik.