FC Barcelona - Athletic Club
Jardunaldia 10
Liga

FC Barcelona - Athletic Club

FC Barcelona
FC Barcelona
10
Athletic Club
Athletic Club
  • 80' Marc Guiu

KokapenaOlímpic Lluís Companys , Barcelona

38.194 pertsona

Athletic ertzean geratu da Barçaren aurka

Marc Guiu debutariak azken txanpan sartutako golak klasikoa erabaki du, lehoiek gehiago merezi arren

Athletic Club ertzean hil da. Montjuicen ere ez da bukatzen FC Barcelonara egindako bisitetan gertatzen den begizkoa. Marc Guiu debutariak bere lehen baloi profesionalean sartutako gol batek merezitako punturik gabe utzi ditu lehoiak, nahiz eta irabazteko asmoarekin jokatu. Bestalde, atezainen arteko lehia polita ikusi da, partidako onenak. 

Ligako partida klasikoa, Athleticek eta Barçak jokatu duten txapelketako 3.000. neurketan, ez da ondo hasi zuri-gorrientzat. Izan ere, beroketan izandako giharretako min baten ondorioz, Herrerak ez du jokatzerik izan. Hortaz, Galarreta itzuli da hasierako hamaikakora, eta lesioaren aurretik erakutsitako jokoa egin du, bizkortuta ikusi dugu.

Valverderen mutilek presioa egin dute goian hasieratik, eta Ter Stegenek Iñaki Williamsi gelditutako jaurtiketa baten ondoren, onik atera dira etxekoen bi gol aukera argietatik: Joao Felixen jaurtiketa bat langara, eta Ferminen beste bat hurbil-hurbiletik, baina azken honetan Simonek gelditu bikaina egin dio.

Taldeak erasoan hobera egin du eta Iñakik berriz ere Barçako atezainari geldiketa ona egitera behartu dio. Yurik aste honetako kolpea berriro hartu du eta Lekue zelairatu da bere ordez. Azken honek erasoan arrisku handiko bi jokaldi egin ditu: erdiraketa pozoitu bat eta barneraldi bat Nikori pasea emanez lehen zatiko aukerarik onena izan zezan. Bere ezkerkada Ter Stegenek desbideratu du oinarekin.
Bigarren zatian, Athletic gutxiago iritsi da Barcelonako areara, baina ez du sufritu atzeko aldean Joao Felixi eta Fermini egindako geldiketa bikoitza izan ezik. 1-0ekoa kolpe handia izan da, Joaoren barneko pasea Guiura, jokoz kanpokoaren mugan, eta Simonek baloia ukitu arren negarrez sartu da sareetara.